Orriz osatua. Zer da?
Goizean pantailaren aurrean.
Arratsaldean pantailaren aurrean.
Gauean pantailaren aurrean.
Hamar hatz, eta hamarrak atseden eske. Nire bi begiak burua beste alde batera mugitzeko erreguka ari zaizkit, orduak eta orduak baitira “laukizuzen teknologiko”aren aurrean daramatzadanak. Bitartean, nire hatzak gora eta behera montaña rusa baten modura. Nekatuta nago, baina hemen egon nahi dut, zerbaitek bultzatzen nau errealitatea omen den mundutik ihes egitera. Begiak kliskatzearekin batera orri txuri irrealean ñir-ñir eginez idazten jarraitzeko esaten dit kurtsoreak. Momentu batez, hatzek euren gaurko zeregina amaitu dutela sinestu nahi dute, aldiz “t” tekla sakatu eta lanera itzultzen dira.
Bat-batean hatzak mahai gainean geratzen zaizkit, euren azpian zegoen teklez jositako aparatua desagertu egin da, idaztera bultzatzen ninduen kurtsoreak bere tokia utzi eta ihes egin du, nire aurrean zegoen pantaila dagoeneko ez dago bertan, eta haren atzean zegoen pareta zuria ikusten dut orain.
Hutsune handi bat somatzen dut nire aurrean. Ihes egin nahi ez nuen mundutik hutsa besterik ez da geratzen. Nire gorputzaren zati den zerbaitek alde egin du.
Galduta sentitzen naiz, zer egin ez dakidala.
Ezkerrerantz mugitzen ditut begiak, zerbaitek nire arreta piztu du. Zer da urrutiko apal hartan dagoen paperezko tresna hura? Zertarako balioko ote du? Pixkanaka gerturatzen naiz, mantso eta zalantzaz josita. Hanka luzatzen dut, eta oinpunta lurrean jarri. Pauso txikiak emanez noa aurrerantz.
Paper finez osaturiko gailua etorri zait gogora. “Orria” hitza ere nire burutik igarotzen da.
Eskutan daukat. Lehen eta azken orriak gainontzekoak baino lodiagoak dira. Ireki egin dut, eta kurtsoreak atzean uzten dituen letrak bezalakoak dauzka, errenkadan ezarrita, bata bestearen alboan hitzak osatuz. Hala ere, ez dira teklak sakatzean sortzen diren hitzen parekoak, bakarrak ere ez du aurrekoaren antzik forman: “historia” hitzaren “i”en puntuak ez dira “egipziar” hitzarenaren berdinak.
Beste imajina bat etorri zait gogora. Oraingoan orri horietan idazteko erabiltzen diren gailuak ikusi ditut. Bakoitzak kurtsoreak atzean uzten dituen letrak bezalakoak idazteko kolore desberdinak dauzka.
Horietako bat hartzea erabaki dut, tapa beltza kendu diot eta punta orriaren gainean dut.

No hay comentarios:
Publicar un comentario